Eskelaria
Mendiburu
-1-
Behar ordua etorri eta jo dut norbaiten atean
nere gogoa zegoelarik esperantzaren betean;
aberats bate bortan ninduzun, jauregui eder batean
holako esker gaixtorik ez dut ikusi orai artean.
-2-
Etxeko jauna zure bortara beharrez nauzu etorri
Ebanjelio soleigarri bat dut gogoaren sokorri:
"Jauna emozu beztitzekoa hotz ikaretan den horri",
Jainkoak berak, mezu horrekin zuregana nau igorri.
-3-
Ez baitu nahi aditu izan eskelari hunen botzik
haren atean nintzelakoan erran ditake arrotzik,
denetan hola izan baneza, hoin ongi etorri hotzik,
erran nezake eskualdun jendek ez daukatela bihotzik.
-4-
Ez dauta kalte deusere egin hor ukan jan ta edanak
ez eta ere hotzik kenduko beztitzeko hak emanak;
neskato mutil batzu baditu egiteko bere lanak
ta berak dauzka egun osoak ohe gozoan etzanak.
-5-
Jendalde mota guzietarik izan behar duke lurrak
batzu sobera aiserian ta, bertzeak aldiz beldurrak
erdi goserik eginko gira senar emazte ta haurrak,
eta batzuek soberakinak ondoan beren zakurrak.
-6-
Mundu hunetan ezarri gaitu Jaunak on eta tzar nahas
elgarrekilan ahal bezala, bizitzen ginezan ikas,
mundua sortu den egunetik zuzentasuna da eskas
lehenagore izan baitira Jesukrixto ta Barrabas.
-7-
Denentzat berdin badago ere zeru gain hori urdina
ez du iduri denen zortea lur gainean den berdina,
batzuk ez dute adimendurik, ukanik ere adina
jende izanagatik, bihotza dutelakoan burdina.
-8-
Burdinki horrek segurraz ere ez du odolik barnean
odola balu urrikalkorra litake bere heinean;
esker gabean errezibitu, bainan bere aintzinean,
Jainkoak berdin eginen dio zeruratuko denean.
-9-
Segur naiz berdin bihar goizean lehen argi urratzean
urriki latza izanen duke horrek nitaz orroitzean
jendetasunak galdatzen duen kontzientzia sortzean,
hortakoz daukat barkamendua harendako bihotzean,
-10-
Hemen nabila goserik eta gorputza ezin berotuz
kasik iduri joan naizela egunez egun errotuz;
gauza ederrik egin ditake elgarri eskutik lotuz
Jainkoak erran bezala elgar maitatuz eta lagunduz.