Alkhat-i
Mendiburu, Jean Pierre
1
Lehen erran zautaten, ez nuen sesitu
«Eskual-Herriak bere haurrak galtzen ditu»!
Gorputzarekin betan, zentzua haunditu.
Denborarekilan naiz, ni ere argitu...
Nahi dut segitu,
Gogoa berritu,
Bainute izitu,
Zinezki harritu:
Egundaino ez dut hoinbertze sofritu!
2
Lana gure herrian, delakotz eskasten,
Lagunak derauztate aldizka ebasten.
Gure ohantzetako xoriak nahasten,
Beren hegalen berri ez dute ikasten
Hortako naiz hasten,
Bertzeri erraiten,
Zer dutan jasaiten,
Pena daut emaiten:
Sor-lekuan ez baigira aberasten!
3
Aldi huntan beretu dautate lagun bat,
Maite baitut nihauren burua bezenbat.
Pena horren zauriak bihotzean dauzkat,
Nigarra etorria bi begietarat.
Omen doa harat,
Nik dakita norat,
Ameriketarat,
Dolar egiterat,
Ene bertsuetako laguna Alkhat.
4
Hori jakitean zaut bihotza urratu,
Amodioz husturik, kolpean herratu.
Zer debruk ere baitu hortara lerratu;
Behar diot berari garbiki galdatu:
«Nahi hegaldatu,
Herritik airatu,
Urrun eskapatu,
Holakorik nola debru duk asmatu?»
5
Orai arte urruntzen zitian bakarrak,
Batzu urepeldarrak, bertziak bankarrak
Gehienak gazteak, sano ta azkarrak.
Agerian dagotzi, zaurien zakarrak:
Trixterik xaharrak,
Galdurik abarrak,
Etxeko indarrak,
Beren heur suharrak,
Enganatu dituelakotz dolarrak!
6
Diruaren indarra badugu nagusi,
Ainitz beharko dugu oraino ikusi.
Xoriak ohantzetik urrun badoatzi,
Nun sortu diren ere ainitzek ahantzi.
Urruntzerat etzi
Ez haut nahi utzi!
Ez nuen merezi.
Hau dut irabazi:
Lagun hori gabe beharko dut bizi.
7
Joaiten balinbahitz, egonen nauk hotzik
Ez baitut nik entzunen geio hire botzik,
Ez hire kantu ezti, ez bertsu zorrotzik;
Bakarrik egonen nauk denetaz arrotzik
Etxean trixterik,
Lagun bat galdurik,
Ez dut ertekorik
Izanen hau baizik:
«Ez nukela hole joaiteko bihotzik»!
8
Herritik urrun hole, joan direla ainitz,
Bakotxak berak daki, hori zoin den bortitz
Haurrideak nigarrez, gu atxiki nahiz,
Aita-amak gordeak erranik azken hitz!...
Hoin denbora gutiz
Alkhat johan bahiz
Gu bakarrik utziz
Bi begiak bustiz
Ahal bezain laster etor hadi berriz!