Post tenebras spero lucem. (Arrats illuna, amets beltz eta negargarriak [Has.])
Manterola, Jose
Arrats illuna, amets beltz eta negargarriak,
Ekaitz gaiztoa, chimist ta turmoi izugarriak,
Utzi nazute, asko dirade ditudan penak,
Utzi nazute, Jainkoagatik, zoazte denak.
Utzi nazute bakar bakarrik nere miñakin,
Dolore garratz, oñaze gogor ta samiñakin;
Zoazte laster, t' il bear badet, izan dedilla
Nere eriotza aldan lenena ta isill-isilla.
Eriotza, ¡ai! zein gogorra dan ta lazgarria
Ama batentzat laja bearra mundu tristia!
Laja bearra! ta ¿noiz ta nola? baso illunean,
Ikusi gabe ume bat ere bere aurrean,
Guraso denak naspilla aundian emen utzirik
Gorrotoz eziñ bata bestea iya ikusirik,
Gure anziñako lege zar aiek oñazpitubak,
Gure asaben oitura ederrak betiko aztubak.
¡Ai, nere umeak! ¡Nere ume triste zoragarriak,
Aur sentsugabe bein ta milla aldiz kupigarriak!
¿Zer ai zerate bata bestea purrukatutzen?
¿Zer zabiltzate zuen erria lurperatutzen,
Zuen gaitzakin malkoz beterik bazter guziak,
Negar samiñez, dolu galantaz, biotz guriak?
¿Zer etsai gaizto sartu da emen zuen artean?
¿Zeñek ekarri zaituzte ontara zuen kaltean?
¡Ai, nere umeak! Jainkoagatik, aski dezute,
Gorroto charrak! alde batera laja itzazute
Ta anai iltzalle armak botarik eskuetatik
Ta etsaitasungo pozoi guztiak biotzetatik,
Atozte denak, noizbait bezela, bat egiñikan
Guztiok alkar, anaien legez laztandurikan;
Besarkaturik, pake santuan, atozte denak
Chukatutzera, seme maiteak, Amaren, penak...
Atozte, atozte; begira emen aritz santua
Gure Jainkoak bere eskuakin beiñ landatua,
Errege frankok agurtu duen arbol zuzena,
Euskaldun fuero eta legeen iduripena;
Onek ematen duen itzalpe gozo-gozoan
Danok batean biziko gera pake osoan,
Izanik beti, len bezelase, gudarik gabe,
Gure mendi ta ibar ederren jaun eta jabe.
¿Ez dezute aitzen...? Orretaraño ichumusturik
Zaudezte eziñ Amaren boza ezaguturik?
Ez dirade ere zuen biotzak oso samurtzen
Ikusirikan neria onela negarrez urtzen?
Ume tristeak, galdu zerazte beti-betiko,
Zuen artean paken iñoiz ez da ikusiko;
Galdu zerazte, galdu dezute Euskal-Erria,
Galdu dezute, azkenen, zuen Ama tristia.
Jaun Jaungoikua, oen okerrak barka ditzatzu
Ta zure eskuaz euren biotzak; ikutu itzatzu;
Ichuak daude gorrotoa ta etsaitasunez,
Gogarrituak ez dute ikusten pozoitasunez;
Zabal-arazi zazkizu bada bee begiak
Berriro ta ongi gorde ditzaten zure legiak,
Geraturikan izugarrizko guda onetan
Ta anai-arteko deserakida gogor oietan.
Argi ditzatzu zure doaiaz Jaun on ta nundia
Isuririkan euren biotzetan zure grazia,
Ta oien erruak kitatutzeko, Jaun on nerea,
Emen naukazu, au baliz zere borondatea.
Jaun almentsua, nere bizia arren ar zazu,
Mundu ortatik zure ondora eraman nazu...
Agur betiko... biotz-biotzeko Euskal-Erria...
Agur umeak... gorde zazute... itzkuntz neria...
Zer ikusten det Emakume bat
Illik zuaitzaren oñian,
Korderik-gabe chimisten batek
Utziko zuen agian.
Ama euskera da! ¡Ama tristea!
Ez aldu onek umerik
Bere urteakin onela uzteko
Leku oetan bakarrik?
A, eskergabeak! Dizaizutela
Oben au Jaunak kontuan
Zuen gandikan zer lezake iñork
Ichogon iñoiz munduan?
Alare oraindik asnasa artzendu,
Bizirik dago gajoa,
Pultsua badu ta aterako da...
¡Eskerrak Jaun Jaungoikoa!
Ama Euskera, emen naukazu,
Jaso-ezazu burua,
Ekaitz gogorra igaro da ta
Gozatu ere zerua;
Zabal itzatzu, Ama maitea,
Berriro zure begiak
Ta Euskal-Erria alai bezate
Zure bealdi argiak.
¡Utzi nazute, ametsak, iltzen,
Utzi nazute pakean...
Esna zaitea sosega zaite,
Aitor daukazu aurrean!
¿Aitor diozu? ¿Zer nai dirazu?
¡Zer naiko dizute Lagundu,
Leku ontatik atera eta
Zure pen oiek bigundu.
¿Non nago bada?
¿Non zauden? Ibar
Bakartsu baten erdian.
¡Ai, nola da, bai, oroitutzen naiz,
Oroitzen naiz doi-doian.
¿Ta nere umeak?
Zure umeak
Badarabilte zer egiñ
Been artean orain dakarzten
Deserakida oyekin.
Ume tristeak. Oen ekoizko
Eskergabeak iltzera
Ekarri naute, eta alare
Mundu ontatik bestera
Ez nuke joan nai, ikusi gabe
Berriro nere aurrean,
Laztandurikan beiñ ta milla aldiz
Eriotzako unean.
¡Eriotza!... ba! utzi zazkizu
Pensamentu oiek alde bat,
Euskal-Erriak bear zaitu ta
Bizi beazu onentzat;
Ume ergel oiek aseko dira
Noiz bai! guda triste oitzaz
Ta orduan oso damuz beterik
Euren eskergabe beltzaz;
Barkazio eske biartuko dira
Zure oñetara den-denak,
Chukatutzera zure malkoak;
Arintzera zure penak.
¿Zeñek orduan aztu-arazi
Euren arteko bekaitzak
Gerra ondoan gelditzen diran
Oroipen beltz-ta leikitzak?
¿Zeñek oyechek zu ilko baziña
Biurtu lengo pakera,
Piztu-arazirik sorterriari
Zor dioten maitaera...?
Beñere baña bearrago zaitu
Orainche Euskal-Erriak....
Zu iltzen bazera galdubak dira
Ebroz onunzko alderdiak.
Egia da ori Aitor laguna
Neronek ere badakit,
Bañan, ¿zer egin biotz guzia
Pusketan badijoakit?
¿Zer egin, Ama? Biziagatik
Aldan guzia al-egiñ,
Españiako bazter lenen au
Betiko ondatu ez dediñ.
¿Nola ordea? nik ez nezaket
Pena geiago sufritu...
¿Jesus-en Amak askoz geiago
Ez zituen padezitu?
Bai, ori ala da, baña ura zan
Jaunaren Ama laztana.
Jainko onek berak emango dizu
Bear dezun eramana.
¿Nola ordea, nere aur tristeak
Zuzendu bide onera?
Oso etsirik, berak berriro
Biurtuko dira echera.
¡Ai, Aitor, Aitor! deitu diotet
Milla bider, baña alperrik,
Ichumustuak, ez dute aditzen
Ama, zarraren esanik.
Jainkoarena aituko dute
Ala konbeni danean,
¿Ta zeñek daki ekaitz triste au
Sentiturik gaur gañean,
Turmoi gogor ta dunbadarian,
Chimist argi ta azkarrean,
Ikusi duten, izugarrizko
Jaunaren boza batean,
Guzi-alduben begi zorrotza
Berai begira bestean?
¡Ai bada Jaunak, noizbait alare
Balitu ikutu biotzean!
Zalantz onetan, Aitor maitia,
Ez nago ordea soseguz,
Ta iñolare ezin mugi niteke
Bakarrik ta nere buruz;
Zoazkit, bada, ia agertzen dan
Nor edo nor ingurutan
Nere ume triste oien berririk
Iñondik dakienikan.
Bat edo beste agertutzen dan
Orainche joango naiz pozik
Ta ageri balitz emenda laster,
Ortaz ez euki beldurrik.
Zoaz, bai, Aitor, zoaz Jaunagaz,
Ia ekartzen nazun, berririk.
¡Euskal-semeak, atozte laster!...
¡Aizu, gaztea, emendik...!
Gazte polit bat lasterka dator
Aditurik nere boza
¡Jaun almentsuak, ekar dezula
Bazter oetara poza!