inprimatu
Jaiotetxeari
Izenburua:
Jaiotetxeari
Sinadura:
Lazkano, Patxi (Otxoki, Patxi Otxoki)
Urkizaren iruzkina:
Egilea(k):
Lazkano, Patxi

Argitalpena:
Zeruko Argia.
Urtea:
1979
Argitalpenaren urtea:
Alea:
817.zk.
Orrialdea:
40

 

 

 

 

faksimilea ikusteko


Jaiotetxeari

 

Otxoki, Patxi (Patxi Lazkano)

 

 1

 

 Bertso berriyak jartzera nua

 guztizko borondatian,

 milla beatzireun irurogei ta

 zortzigarrengo urtian;

 zer gertatu dan osan biar det

 Intxaurrondo'ko partian,

 nere barrena ez dago lasai

 guziyak jakin artian.

 

 2

 

 Asarre xamar artu gaituzte

 oso gorroto gogorrez,

 geren etxetik ateratzeko

 desapiyoka egurrez;

 andre ta gizon, zar eta gazte,

 guziyak oien beldurrez,

 illabetian famili asko

 egondu gera negarrez.

 

 3

 

 Alare oiek segitzen zuten

 beren gorroto txarrian,

 makina aundi bat jartzen ziguten

 geren etxien aurrian,

 esanaz: «Ordu asko baño len

 ikusiko da lurrian!»

 Zenbat naigabe pasa ditugun

 geren baserri zarrian!

 

 4

 

 Emeretzi etxe bota dituzte

 illabeteren barruan,

 famili askotan beidatu gabe

 zer miseriya daguan;

 bizitzen ere etzegon errez

 olakuaren onduan,

 baserriya ala utzi biarra

 pena galanta genduan.

 

 5

 

 Auxen da lana ezin arturik

 biar dan pazientziya,

 gure biyotza erdibitu da

 etxia orla autsiya;

 kalian bizi biar degula

 artua degu etsiya,

 nik galdetutzen dedana au da:

 Nun dago kontzientziya?

 

 6

 

 Gure denbora pasia degu

 beti baratzan lanian,

 eguneroko ogiyen billa

 ain borondate onian;

 uste ez genduen ekaitz gaizto bat

 gañera etorri danian,

 iñundik ere anparo gabe

 utzi gaituzte kalian.

 

 7

 

 Abenduaren irua zan au,

 Santa Barbara bezpera;

 egun orretzaz bizi gerala

 beñere aztuko ez gera;

 aita ere egun ortantxen juan zan

 mundu ontatik bestera,

 oi t'amairu urte ziran eunian

 etxia bota ostera.

 

 8

 

 Ni naiz Otxoki deitzen nautena,

 ola zan gure etxia,

 neronen bistan egokitu zan

 tellatuak lur jotzia.

 Ura ikusita nere barruak

 oasatu zuben trantzia!

 Nere biyotzak dadukan penik

 ezta posible kentzia!

 

 9

 

 Gu bezelaxe famili asko

 dirade errukarriyak,

 baserritikan bota gaituzte

 ta kalera etorriyak;

 batzuek dira amona zarrak,

 beste batzuek elbarriyak,

 oientzaz ere iritxi dira

 munduko egun gorriyak.

 

 10

 

 Jaiotzetikan oituak genduen

 baserri zabal batian,

 kanpo-lanian jarraitu degu

 juan diran zenbait urtian;

 egun batetik bestera danok

 sartu gaituzte lurpian,

 orain kalian bizi bearra

 lau paretaren tartian!

 

 11

 

 An utzi ditut aran-arbolak,

 utzi ditut gereziyak,

 an utzi ditut piko ta udare,

 sagar gez eta gaziyak;

 nere biyotzan zain bana zuten

 an dauden arbol guziyak,

 nere barrena samindutzen du

 orrela galtzen utziyak.

 

 12

 

 Ara amabi bertso nun dauden

 Patxi Otxokik jarriyak,

 goratu nairik lurperatuta

 utzi diran baserriyak,

 gure zelaitan gelditu diran

 arbola maitagarriyak;

 oraingo txandan puska goxorik

 galdu du Euskalerriyak!

 


inprimatu