Uso baten gozo-gaziak
Lazkano, Imanol
Zuhaitz, abere eta loreak
nituelarikan auzo,
arrautz-axalak kras-kras egin zun
eta nik burua jaso.
Lendabizikoz esnatu nintzan
amaren lumetan gozo:
neronek ezer ez nenkiela
munduratu nintzan uso.
Hura kabiko xamurra eta
hura amaren epela!
Aitatxo, berriz, janari bila
ohitura zuen bezela.
Esan diteke hainbat zorion
mundu honetan ez dela:
zeruetako pusken bat naiz ni,
ezin diteke bestela.
Indarrak hartzen ari ginela
zegoen nahiko nabari,
gure gorputzak hazi ziraden,
baitare lumak ugari.
"Kabian ezin gera kabitu"
esanaz gure amari,
udaberria gurea da-ta,
ekin genion hegari.
Beti jolasti eta kantari
bizi ginaden basuan,
tristurarikan ez zen kabitzen
halako paradisuan.
Baina amatxok noizean behinka
kezkati esaten zuan:
"Gazteok!: hola ezin gindezke
izan bizitza osuan!".
"Ekaitz aldiak hurbil ditugu
gazte bihotz-barrenguak!
paradisu hau erruki gabe
antzaldatzen du neguak.
Orduan giro xamurrago bat
eskeintzen digu heguak:
bidai luze bat aurrean dugu,
astin ditzagun heguak!".
Bidai guztiak eder ginela
nahiz izan gure usteak,
berriro ere azaltzen ziren
amaren buruhausteak:
"Bidai horretan geratzen dira
benetan gauza tristeak,
etsaiak asko ditugu eta
kontuz ibili, gazteak!".
"Baina amatxo, ez zaiguzula
gauza goibelikan konta,
egin dezagun hegara lasai,
munduan libre dago-ta!
Inori kalte ez zaio egin,
inor ez dugu gorrota...
Pake irudi geroni gara,
nor egon diteke kontra?
"Munduko berri erakustea
nolatan dugun gauz ona,
bada pizti bat beldurgarria
ta haundi du bere sena.
Hanki bi ditu, eta luzexka,
deitzen diote gizona...
mundu honetan sortu denikan
piztirik peligrosona."
Gisa hontara kontu-kantari
gentozelarikan danak,
mendixka baten igarotzean
aldatu ziraden planak.
Azaldu ziren pizti gaiztoak,
azaldu ziraden armak...
eta orduan ikasi nuen
arrazoi zuela amak.
Satan beraren odolakoa
horrelako pizti mota,
bestela ezin errugaberik
gisa hortara gorrota.
Batzuk sarean erori ziran,
beste batzuk tiroz jota...
handik bizirik irten ginenok
badadukagu zer konta!
Baina gizona... nola zerade
hainbat basati ta zaharra?
Okerrerako egina ote
zure adimen azkarra?
Hutsa litzake, mantenutzaeko
bazenu gure beharra...
gu hiltzearen atsegina da
zure arrazoi bakarra!
Jaio-orduan eskubide bat
eman zitzaigun denori,
nere iritziz mundu honetan
ukaezina inori.
Naturalezak egin bagitu
zu gizon eta ni txori,
besterik gabe gorrotatzeko
arrazoia al da hori.
Talde haundia ginaden baina
ari gerade gutxitzen,
animosoa nintzaden arren,
hasia nago etsitzen.
Ta bitartean, gizon gaiztoa
gure hilekin luzitzen
gure bideak dirade hauek,
utz zaiguzute bizitzen!