Don Juan Txikiari
Lazkano, Imanol
-1-
«Don Juan txiki» beti nuen nik
artzai ta lagun jatorra;
bere illeta Arrua goian,
ura momentu gogorra!
Gogoaz kontra an izan nuen
ixillune derriorra,
bertso auekin ordaindu nai det
beregan daukadan zorra.
-2-
Mundutar kutsuz jantziak, baiña
gera izaki arrotzak;
emengo festak bukatzen ditu
azken sententzi zorrotzak.
Orrek aldizka goibeltzen ditu
gizon askoren biotzak.
Olako zerbait egin dit neri
apaiz orren eriotzak.
-3-
Xamur zun bere biotza, eta
argi bere bekokia;
ardi gaixoak larratutzeko
guztiz artzai egokia.
Erri osoak deitzen genion
«gure Don Juan txikia»;
orain nor aundik beteko ote du
berak utzi dun tokia?
-4-
Txiro botoa bear bezela
egin zuen apaizgintzan;
ta fundizio baten zebillen
beartsuenaren gisan.
Eskuak latz, ta biotza bigun,
zituen bere bizitzan;
eta azkenik, izardipean,
lanaren zepoan il zan.
-5-
Lana danentzat izanagatik
gogorra eta gazia,
erakutsi du nundik dan gizon
zuzenen irabazia.
Apaiz, ta apaiz ez geranentzat,
ba degu zer ikasia;
jorratzen iñork jarrai nai ba du
erein da utzi du azia.
-6-
Urko guztiak maite zenitun,
guziz maitasun senduan;
denei lagundu eta alaitu,
beste pozik etzenduan.
Baiña gizon bat bizi dan arte
ez da eskertzen munduan.
Merezi ainbat goraldutzeko
il egin bear zenduan.
-7-
Mundua utzi ta aldegiteko
ez izanarren berandu,
gizarajuak, Kristo-gisara,
kaliz gogorra edan du.
Jainkoak ere bere ondora
zerbaitegatik eman du,
guri gizon bat ostu diguta
aingeru bat beregandu.
-8-
Eme ta geza ez intzan behintzat,
ire bizitza arruan;
ik, apaizgintza, gizatasuna
sendatutzeko arruan.
Ire lagunak esan gentzakek
nunai ta buru arruan:
berriz olako apaiz bizkorrik
sartuko al da Arruan?!
-9-
Besteak beste, zenbat jaialdi,
azkenengo bost illetan!
Bizkorragorik izan ote da
bizietan ta illetan?!
Begiak malkoz beterik, eta
dar-dar buruko illetan.
Masail legorrik ez nun ikusi
Arruan, bere illetan!
-10-
Korputz ta anima, gau eta egun,
alako lanaren Juan;
il ere berdin, guztiz presaka,
Jainkuak deituta juan.
Zeruetara egatu intzan
martiri baten tajuan;
gure txanda-re urbil duk eta
belaxe arte, Don Juan!