Aurrera ala atzera
Lazkano, I. ("Gaztelu")
Aurreratu nai orrek
emanik laineza
beti lanean gabiltz
estu eta presa.
Gero ekaitzaldian
urruti babesa,
orrek ondatutzen du
maiz gura ametsa.
Poltsa beti geza,
esker ezer eza,
geroko promesa,
ildakoan meza.
Ola ondo bizitzen
ez duk erreza.
Aurreratutze ori
gauz ona dala-ta
gizonik ezin leike
ortikan aparta.
Bizitzaren gurdia
doa orrek bultzata:
biar obea dator
eta gaur aguanta.
Beti zalaparta,
umorea falta,
promesen zarata,
gezurra galanta!
Gero ta estuago
bizi gera-ta.
Lenean dagoena
ez degu abila,
aurreratutzen dena
ura mutila!
Au da inon dragarik
ez duen gurpila.
Desertu triste ontan
gu beti ur bila.
Zorion opila
ezin korapila...
Borroka ontan ila
ba da ainbat mila.
Inork ez daki gaitz au
daramakila!
Lenen anka utsik ginen,
ta gero abarkak,
orain zapatederrik
ba du amaikak.
Naiz gogorrago izan
lengo anka markak,
beti neke-kejatan
gizonaren ankak.
Elkarri adarkak,
eta ez banakak,
gure aurrerakak
giza-legea krak!
Konforme dan gizonik
inon ez daukak.
Patxi baino obeto
dabilela Joxe,
salatzen asten gera
berealaxe.
Bat gaizki bizitzeko
naiko da orixe.
Itzak mardulak baina
giza-legetik xe.
Inbidia luze,
beti gaude gose,
naiz jan ogei klase
ezin gera ase,
Ustez aurreratzen ta
marka duk auxe!
Gaurregungo gizona;
dala asko jakina,
kezka dut ez ote dan
ainbat dakina.
Bere emaitza beintzat
da naiko arma,
gizona egin nai ata
egin du makina.
Ta onen etekina
ez da egokina.
Betiko itokina
garra ta zikina...
Aurrerapenak utzi
dun ondakina.
Naiz besteren burua
betiko narrastu,
al ba da geronena
ondo orraztu.
Auzokoarentzako
lege denak estu,
geuretzako neurriak
ez dira ain justu.
Gezurra babestu,
lagunekin aztu,
saltzeko era prestu,
gizonez eskastu.
Akerrik ere ezin
ola jolastu.
Besteren onarekin
biotza minbera,
ortik ez leike joan
gizabidera.
Inork makurtu nai ez
besteren mendera;
gauz denak konpondu nai
norbere airera.
Gure jokaera
piztien berbera,
beste denak bera,
Jaungoiko norbera.
Fama ta diruaren
mirabe gera.
Bederatzi puntuan
orra bederatzi;
gezurrikan ez diot
ustez erantsi.
Liburu utsetikan
ez gaitezen jantzi,
egi osorik inork
ez bait du idatzi.
IKas ta irakatsi
nai ainbat zientzi...
Naiz igo gorantz, i,
lege oni eutsi...
Gizon izateari
inoiz ez utzi.
|