"Gudaritza"-ri erantzuna
Iraola, Rufino
Bertso mamitsu batzuek
Zeruko Argian,
argiaren sinbolu
gauearen erdian;
euskal kutsurik ezin
eukirik gordian,
hire aurka dauzkaken
pistien guardian;
nik ere bazekiat
egun oiek zer dian.
Canovas-ek zitula
lege haiek puska
eta gero ezarri
guri soldaduska
Berriro eskuratzen
indar eta puzka,
gure Euskal Herriak
istiluak dauzka;
geurea eskatu ta
gaizkiletzat juzka.
Soldadu joatea
ez legoke gaizki,
nork berea duena
defendatuz, noski.
Euskaldunok badugu
desgrazirik aski
indarra agindutzen
hasiaz gerozti,
elkartzen uzten ez ta
BAT garenak ZAZPI
Berrogei mila urte
gutxinez munduan,
askatasuna ere
guk izan genduan
Historian azaltzen
diguten moduan;
amets bera daukagu
gaur bihotz onduan,
ekitea besterik
ez dago orduan.
Berrogei mila urtez
ehun hauek txarren;
atzera egin dugu
aurrera beharren.
Zenbat intentu gaizto
desegite arren;
lehenbizi herria
hizkuntza bigarren.
Eskerrak gazteriak
indarra dakarren!
Etzekiat zein haizen
soldadu gaztea,
komeni ere ez duk
esaten hastea,
lehen baderizkiok
nahiko tristea,
bertsoz ez nikek nahi
nabarmen uztea,
luze joan ez dadin
elkar ikustea.
Ikurrinea ere
aitatutzen duzu,
geuria bazterturik
arrotzari musu;
nola ez dizu bada
horrek emango su?
Lehen ere badira
amaika bat kasu,
baina bururik bada
zail da erortzen, zu.
Urak bere bidera
betozkigu azkar,
albotara boteaz
hare eta zakar.
Hain bat izerdi eta
hain bat odol-apar
urarekin nahasi
errekak badakar,
mantxa direlako da
mila bide-baztar.
Baina hariz kanpora
ez al gara ari?.
Ala esan beharra
gendukagun hori?
Bihotza doakio
senti duanari,
baina egiten zaio
mexpretxu ugari:
hemen nahi ta aruntz
bialdu gudari.
Galduan ez zerade
aterako guziz,
nahiz serbitu behar
gutxi irabaziz.
Zuk buru ona duzu
Jainkoaren graziz;
horko teori eta
praktikak ikusiz,
balia zaitez nola
aplika ikasiz.
Gure langileria
ere dago jota,
bertso bat behar diot
horri ere bota,
dena hari batean
loturik dagota;
bi zapalkuntza daude.
Har zazute nota,
beraz daduzkagu bi
soldaduska mota.
Bertsoak egitea
gauza errezena,
arriskurik ez balitz
egongo ezena,
inoiz betetzen da ta
gure almazena,
baina pentsatuz egiz
aritu naizena,
hireak bezelaxe
har hitzak dozena.
|