[Bertsotan]
Agirre - Amuriza - Enbeita, Jon
AGIRRE
GAIA: Taberna batean bertsotan ari zarela andaluz bat inguratu eta zure bertsoekin kokoteraino dagoela esan eta «sevillanak» kantatzen hasi zaizu.
Hire moduko prenda asko dek
moteil belarri motxetan
neure hizkuntzan hitzegiteko
egongo ote nauk lotsetan
ai ai eginaz hasitze al haiz
holako oihu hotsetan
ai ai benetan esan beharko dek
nik jotzen bahaut hortzetan
Figura ederran azaldu hintzan
heu sortutako lurretik
nahiko ogirik ez huen jango
honuntz etorri aurretik
azaitunaren kolore hura
pixkat joan zaik muturretik
bainan odola lengua daukak
osatutze haiz txarretik.
Ona izan balitz ez huan ez hik
utziko Andaluzirik
esan liteke lur honi esker
erten dekela bizirik
halaz eta guztiz gure onikan
hago ezin ikusirik
nahiago nian erne ez balitz
hire aitaren hazirik.
AMURIZA
GAIA: HIL ALA BIZI (Bere lan baten izenburua)
Zuen txalo hoien alde
nik nahi nizueke galde
nola gintezken jaio ta gero
biziaren jabe
hil ala bizi hor gaude
eta gogorra bada ere
Euskal Herirak ez du bizirik
norbaitzuk hil gabe
Euskal Herriak ez du bizirik
norbaitzuk hil gabe.
Egiten dugu garraisi
nahi dugu argia ikusi
etsaiak gogor badatoz ere
ez goaz ihesi
herri zahar hau dedin bizi
hiltzea baitu merezi
gertu dagonak altxa eskua,
eta neuk lehenbizi
gertu dagonak altxa eskua
eta neuk lehenbizi.
JON ENBEITA
GAIA: Zu zeure egoera alda nahirik gose greban zauden mutila zara.
Ogitik ez da bakarrik lortzen
gizonaren ondasuna
sabel aseak ez du ekarten
bihotzaren poztasuna
horra zergatik nik hartu dedan
grebaren astuntasuna
nere gosetik sendotu dedin
herriaren osasuna
herriaren osasuna.
Arrazoiekin eskatu nuen
herriaren justizia
baina alferrik sakona baitzen
gorrotoaren hasia
eguneroko burrukan behar
eman daukagun guztia
herria bizi dedila diot
eskaintzen nere bizia
eskaintzen nere bizia.
Greba honetan ez da bakarra
nere egoera larria
abertzalea ikusi nahi dut
besoa goruntz jarria
greba honekin berpiztu nahi det
nere euskaldun herria
barriro aske izan dezagun
Euskotarren aberria
Euskotarren aberria.