Gure askatasunaz edo libertateaz
Fermin [Imaz, Fermin?]
1
Mende hunetan bada arazo nun dagon askatasuna
Galde hori dut egun guziez hainbertze jender entzuna.
Gaztiek ere senditzen dute hor dagola ontasuna
Denen idaiak bateratziak segur emanen du lana.
2
Gazte maitea zur'esperantza ezarri duzu gauzetan
Segurtamena 'mateko ez da ikusten dena baizikan
Jendia berritz elizat doa zure ustez debaldetan
Onak izanez ari ditaizke hoiek xutik ametsetan.
3
Edo bertzeaa diozu : ez dira bertzeak baino hobeak!
Harrigarriak ditutzu, Ganix, zure holako galdeak
Zerbait falta du, ohartu zaite, goresten duzun bideak
Ez uste izan materialismuan ez direla naigabeak.
4
Aferak menperatzeko duzu hartua duzun eskola
Bainan aldean jendeak nola diren ez zira axola
Ingurumen ta zoramen orok ezin gu beti kontsola
Dirdira hoiek libertatea lepotik hartzen dutela.
5
Aize kontrara oraikoan dut hemen zerbait egin gogo
Zorion baten ondotik beti gabiltza munduan oro
Gizonak uste bere indarrez doan gero ta gorago
Jainkoa utziz zuzen ez daki nun pausa buru ta zango.
6
Ez naiz segurki filosofian izan biziki azkarra
Esplikatzera nola hel ote erran nai dutan pixarra?
Munduko ontasunek dituzte debrukeriko andarrak
Non ez dauzkigun bihotzak sortzen esker onezko pindarrak.
7
Aberastasun egiakoa gizonak du bere baitan
Emanez bere bihotz guzia Jainkoaren eskuetan.
Zure desirak beteko dira bide hortarik miletan
Libertateak ezin atxeman nehoiz bide hoberikan.