Ezker pareta berria eta kiroldegi bat estreinatu
Fermin [Imaz, Fermin?]
1
Zorion bat jautsi da Azkaine Herrira
Estreņatzeko ezker pareta berri bat
Aspaldiko ametsa jalgirik argira
Kiroldegi berriak badauka dirdira
Larrungo mendiari azpitik begira!
2
Balios izanen da plaza estalia
Gazteriak dezake hor egin kabia
Denbora txar ta uri ditaike balia
Debaldetan etzagon emana begia
Hola juntatuko da herri-familia!
3
Egin ditaizke ainitz ikusgarri mota
Gostuko izanikan zer du ba inporta
Sanoki dadila bai izerdia bota
Panpi Laduch' Retegi daizke berdin planta
Lehentasun bat izan dezala pilotak!
4
Kiroletan gaztea ditaike lehia
Pilotaz aparte-re badago gaindia
Batzuk itsaso maite ta bertzek mendia
Borrokari buruz gaur da-re errabia
Hauer guk eskainiko modan den rubia.
5
Batzu hor ikusiko itzulipurdika
Tenniz-lariak berriz airoski jauzika
Aldiz pizina hortan bertzela musika
Uda partean neska mutillak geldika
Iduzkitan goxa ta, gero igerika!
6
Huna hemen obra bat eta ez agintza
Ohore zuenari lehen eman hitza
Gaur baliatu behar euskaldunen gisa
Leku bat galdatuko du bertsolaritiak
Euskaldungoa hemen dezagun zerbitza.
7
Azkainek mereziko holako saria
Loriatuko zaiku ere dantzaria
Azkartu dadila bai bihotz-lokarria
Joko sanotan heziz gure gazteria
Denek batean altxa Azkaingo herria!