Juztiz deritzaion baserriaren jatorria
Euskaldun bat
Euskaraz mintzo diran bazter guzietan
Eskolatutzen dira gure mendietan
Aoz ao alkarri beren billeratan
Kontatutzen dituzten kondaira ederretan.
Guraso zarrak dira gaurik luzenetan
Pipa artuaz soseguz zizelu zarretan
Auzuak bildurikan beren sukaldetan
Poztutzen dituztenak jostaldi oetan.
Ez da gertaerarik emen iragorik
Neguaren buruan kontatzen ez danik;
Orregatikan ez da aundi ta chikirik
Bere erri maiteari naiko ez dionik.
Ona otsedago bat antziña aditua,
Aurra banintzan ere ez daukat aztua;
Beste asko buruan ondo ez artua
Sekula etzait juango gerostik damua.
Mundu guziak daki dala Ondarrabia
Azaña asko gertatu diraden uria,
Bere eskutarma dauka galant ipiñia
Onratzen duelarik Ama Probintzia.
Itz bitan esango det emen gerta zana,
Ez uste ipuia dala kontako dedana,
Baizikan egiazki iragoa dana;
Auzo erri guziak dio sinispena.
Jaizkibel-go basoak aritzez josiak
Zeuden denbora aetan ziran egokiak;
Eizez bete beteak sasi-ichi guziak
Leku oberik ezin auta eiztariak.
Naparroko Errege zan Sancho Abarka,
Mendiz mendi ibiltzen zan sarri jiraka,
Oian ugarietan zakurrak zangaka
Zenbat basurde gogor ill zuen lanzaka.
Guadalupeko ermita dagon sartaldera
Errekacho bat doa mur mur goitik bera:
Pozkidaz zegoela Errege begira
Neskach bat zitzakion agertu aurrera.
Apelas-en pintzela ez litzake aski
Aren edertasuna antzezteko noski;
Burutik oñetara egiña aiñ egoki
Politagorik izan dan iñork ez daki.
Egun sentian zuten esnatzen, choriak
Banatuaz egoki beren otseztiak,
Arboletan millaka kantuz egaztiak
Diosala egiten zioten guziak.
Egun onak emanda, errezoak egin,
Lazter eche-egaztiak zituen berekin;
Gozaria prestatu talo-esneakin,
Iturrira juaten zan pegarrarekin.
Errege izan arren chit atrebitua,
Gelditu zan noskiro oso arritua,
Kordegabe bezela eta mututua
Beregan ziolarik ¿ote da aingerua?
Bereala korrika zijoan igesi
Atzerriko zalduna zuelako ikusi;
Itsutua amorioz, Errege zan asi ,
"Ez nazula iñondik bakarrikan utzi."
Atseman zuenean ume bikañ ura,
Lore ederragorikan ez baita mundura,
"Guztiz ederra" zera, zion ¡au ichura!
Nijoan maite nauen galde egitera.
Galtzik gabeko aurrak, oso lotsaturik,
Errege amurustua ala ikusirik ,
Esan zion: "Ez bedi nekatu alperrik,
Ezergatikan ez det orra galduko nik."
-Etzaitezela naasi, aur eder liraña,
Jaun ta jabe naizela da gauza jakiña;
Goitalchatuko zaitut dezakedan diña
Ezpadirazu ukatzen neri atsegiña.
-¡Izan beza kupida!, zion apar garbiak
Begieder urdiñak negarrez bustiak;
Nai baditu irabazi zeruko gloriak,
Alde bat utzi bitza zale-galgarriak...
......................................
Oso naskidatua juan zan echera
Amacho maiteari kontu ematera.
-¡Nere aur doakabea, lotsaz bete gera!
¡Zorigaiztoan zilian echetik atera!
Damutasunik asko bere biotzean
Zuelarik bizitu zan bakardadean:
Ama besterik etzan bere aldamenean
Seme bat argitara eman zuenean.
Gaztigatu zioten Sancho Erregeri
Begirun aundirekin jaiotzaren berri;
Begiratzeko aren etorkizunari.
Agindu zuen ariñ esateko amari...
"Bere echetik ikusten zioten lur danak
Beti izan zitezela ama-semearenak".
Gaurdaño bazter aek goza dituztenak
Dudagaberik dira andik datoztenak.
Baserri kondairar ark gerostik izena
"Juztiz" du, neskach ari Erregek emana:
Ona pasartecho bat esaten diguna
Munduan denbora artan iragotzen zana.
Lendikan dakizkite auzotar guziak
Baserri-eche polit onen iturriak;
Bilorruskian ere dauzka ezarriak
Pelipe Errege zala, Urbinak jarriak.
Ango Echejaun prestu biotz berakoak.
Dituzte gaur izkribu aiñ baliosoak;
Nekazari etorki errealekoak
Gorde bitza luzaro gure Jaungoikoak.