Iribarri, esker onez
Txepetxa
Bertsoen bidez agertu nahi dut
neure poztasun-aldia,
eta eskertu azaldu duzun
jarrera jator argia.
Euskararentzat zabaldu duzu
zeruetan oskarbia;
bihotz barnetik eskaintzen dizut
bertsoen omenaldia.
Maiatz hilean hasten baitira
urteko hainbeste lore,
Santimamiņe zelai berdean
hola gertatu zen ere.
Futbolariek ipini zuten
ez dakit zenbat kolore,
iribar jaunak merezi zuen
gure aldetik ohore.
Seiak aldean hasten zelarik
egun horretako jaia,
bostetarako ondo beterik
zegon inguru alaia.
Hainbat urtetan eginikoa
eskertzeko zen garaia,
leku guztiak betetzea zen
guk han genedukan nahia.
Futbolaria Herri osoak
goi-mallan baitzuen maite,
baina batzuek omenaldia
bazterrean utzi dute.
Erdi haserre ikusi nuen
kanpoko zenbait bitarte
Galdera hontan zegoen kausa:
Zergatikan ez zen bete?
Hogetamar bat mila izan ziren
han egondako lagunak.
Nola ez ginen bertara joango
adiskide euskaldunak!
Harritu gaitu atezain legez
agerturiko ihardunak,
harrituago euskararekin
eman digun erantzunak.
Zertan enplega ote hobeki
hango diru ugaria?
Zentzu zuzenez ikusia du
kirolaren ahuleria
Orain artean Kirol Kontuan
goian erdara garbia.
Erabiltzeko izan dadila
Euskal Kirol Hiztegia!
Euskarak ba dujokatu behar
oraindik hainbat partidu
Azken urteak dira horretan
burruka latzen testigu.
Atezain ona ba dugu behintzat,
gola sartu behar dugu,
erdaren kontra irabazteko
bultzada eman baitigu
Ofizialki ez dago eta
Herria esku-zabala
Beti gabiltza geure diruaz,
ez ote da hau itzala?
Zergak direla ari zaizkigu
tonto bagina bezala,
euskaragatik Madrilek ere
Zerga ordaindu dezala.
Iribar honek agur esan du
gizon zintzoen modura,
injekzio bat emanez piztu
gura du euskal kultura.
Erakutsirik euskararekin
berak dadukan ardura,
kirolen bidez zabal dezagun
geure hizkuntza mundura.
Beltzez jantzirik, aurpegi ilun
gorputz argal baina azkar
Atea zaintzen nork agertu du
zerorrek bezainbatindar?
Bihotzetikan besarkada bat
bertso hauen bitartez har.
Eskerrak zure eskaintzagatik
betiko lagun Iribar.
Nire ustean berdin pentsatzen
genuen bertan egonak,
Guztien partez hementxe doaz
geure desio sakonak.
Fulbolaria joan zaigu eta
zutikan dirau gizonak.
Gerora ere lan egin gogor,
hona gure ZORIONAK!