inprimatu
Haizpeko maitekariak
Izenburua:
Haizpeko maitekariak
Sinadura:
Etxano, (Alzola Gerediaga, Nikolas ?)
Urkizaren iruzkina:
Egilea(k):
Etxano

Argitalpena:
Zeruko Argia.
Urtea:
1976
Argitalpenaren urtea:
Alea:
710.zk.
Orrialdea:
32

 

 

 

 

faksimilea ikusteko


Haizpeko maitekariak

 

Etxano

 

 1

 

 Ez naun mainontzi ez gaztanbera

 jaio nindunan buruz aurrera

 zer pena dudan jakin nahi badun

 hator nirekin haizpera.

 Ez ditun grina sorginak

 ez ditun ez maite-minak

 hoik mintzat ere ez dizkinat

 baina hitza hain hutsa izanik

 nola eman aditzera

 zer diren penak jotzen dutenak

 arnasaren funtsa bera.

 

 2

 

 Tximista batek jo nindinan behin

 suge zitalak maiz ziztatu nin

 zezenak adar otsoak hagin

 apoak golko bete higuin.

 Negarrez maite ahal hintzen

 hoiek ez ninate mintzen

 baizik saminak arintzen

 gizatzarra dun bihotza ehotzen

 eta diona ematen min

 hirindun-ahala malkoz oratuz

 taupaka hor segitzen din.

 

 3

 

 Kaleak bete zango mugikor

 dozenan zazpi ostiko doilor

 bistaz antzeko baitira usnaz

 igarri behar nor den nor.

 Larrua dinate fina

 barrua zornez egina

 zornetik erne arima

 ez eska nadin etzan hirekin

 izuak ez nazan agor

 hire sabelak hoielako bat.

 pentsatuz lezakela sor.

 

 4

 

 Bata legegin bia banka-jaun

 mundua erdi-bana dazagun

 hoien andreen maitasuna dun

 nola golko bete ziraun.

 Gizona gizonen mailu

 beste zer jorik ez bailu

 hori bai dela mingailu

 ikusten ez den zernahi sinesten

 fedea errezena dun

 egun eta gau dakusagun hau

 ezin sinestsiz hilko naun.

 

 5

 

 Kalerik kale anitz haur talde

 hiria janzten alderik alde

 ez dinat uste mundua hainbeste

 maiteko nuken hoik gabe.

 Hain xarmagarri ttikitan

 baina sarri ene baitan

 zer ikara sortzen zaitan

 biharko giza-jaleak azal

 guri hoietan baitaude

 ez otoi gaurko munstro hoik atzo

 haurrak ziren niri galde.

 

 6

 

 Hodeiek ihes tantaiak dardar

 trumoiak goitik jo din deihadar

 multzoka gautzan hiritzar honek

 noiznahi dezakela su har.

 Biolentziaren mende

 lur abere eta jende

 menderik mende bagaude

 hortarako utzi ahal genizkinan

 zuhaitz buztan eta abar

 ez en negar errekak bihar

 ur haina odol badakar.

 

 7

 

 Hala piztien nola gizonen

 gorputz-arimek bost zentzu omen

 bat falta dun hor aurrena bera

 deitzen zaiona nazkamen.

 Ikusiz batera oka

 eginik besteak bota

 bagenitza hoien kontra

 ez lituzken ez hain lasai beren

 larrutzarretan egonen

 nigatik bertan leher bitez denak

 errementatu ondoren.

 

 8

 

 Garia ehotzen duen errotak

 berdin arantze minezko otak

 zer erru dinat haitzak behera

 zauritzen banau korrontak.

 Sentimendua dudaino

 indartsuago ni baino

 hala behar hiltzeraino

 berriro egin nazan amari

 ezin eskatu zionat

 txarrago luken sortu banindu

 zerri hoietariko bat.

 

 9

 

 Haizkora sartzen zaion haritzak

 kolpeko ezpal bat galtzen din behintzat

 hala nire hitzak mihi zati bat

 zarrasten zidan bakoitzak.

 Harri arrain nahiz abere

 maite dinat hala fede

 heriotza bera ere

 baina gizona deritzan hori

 jo behar etsai nausitzat

 horrek ez bahau mintzen esaidan

 zeintzuk diren beste gaitzak.

 

 10

 

 Azaldu natzain barrenez barren

 gorde esanok golkoan arren

 hara eguzkiak goizero zenbat

 adore berri dakarren.

 Dela odol naiz izerdi

 munduak badin alderdi

 ederrik bederen erdi

 milaka aldiz ninteken berriz

 jaio eta hil pozarren

 hi bezalako hainbestetatik

 bakar bat maitatzearren.

 


inprimatu