Maite nauen mutillari erantzuna
Etxaluze
1
Erabaki orduan sortzen da
makiņatxo bat kezka ta
eta askotan aldamenetik
beste ainbeste nasketa
maitetasunez amak orrela
egiten zidan izketa
erabakia zeuk artu zazu
O! biotzeko pusketa.
2
Lengoan testigutzat arturik
zeru lurraren Maixua
mutill batekin egiņa naiz ni
izketa aldi bat goxoa
maite nindula esanez eskeņi
zidan ark biotz osoa
pozaren kargak ia lertu zun
nere barrunbe gaixoa.
3
Zeuk esana da mutill gaztea
biotzez maite nazuna
era berean dijoakizu
neskatxaren erantzuna
lurrean lortzen bada pakea
ta Jaunak eman osasuna
zoriontsuak izateko nik
badaukat itxaropena.
4
Amesten nuen printze urdiņak.
ekarri dit albistea
ez nun espero eskari ori
zugandikan iristea
kosta zitzaidan ametsa egi
biurtu zala sinistea
eta zailla da bi maitasunek
alkarri ateak istea.
5
Zure maitasun eskeintza ori
nik pozik nola ez jaso
ala ezean esker txarreko
gertatu niteke oso
maitasun bidez Jaunak aurtxo bat
emango digu akaso
orduan biok izango gera
aingeru baten guraso.
6
Nere barruan ditxa geiago
ez det sentitu sekula
biotza pozez saltoka dabill
irakiten det odola
bion artean txertatuko deu
maitasunaren arbola
komeni bada Euskal Erriai
frutuak eman deiola.
7
Mutill gaztea eskeintzen didazu
biotz xamur da beratza
bi maitetasun ola alkartzea
ain da gauza aberatsa
Jaunak ematen baldin badigu
orretarako-laguntza
euskal aingeruz jantziko degu
geu sortu giņan baratza.
8
Pozaren pozez nere biotza
busti da zerutar intzez
eta begiak estali zaizkit
malko gozoaren mintzez
piatutzen naiz eman didazun
gizatasunezko itzez
ta sinisten det maite nazuna
mingaņez aņa biotzez.
9
Zori txarrez gaur maitakeria
maite dute ainbat gaztek
iruzurrean adur aparta
baitu zenbait mingaiņ trastek
zenbat naigabe ematen duten
amaika ezkontza tristek
ni orretara ez nau beartzen
maitasun piņ batek bestek.
10
Autsi eziņezkoak artuko
ditugu ainbat lokarri
zori ona ta poza bakarrik
ezin digutenak ekarri
utsegiteak apaltasunez
barkatuz biok alkarri
nik maitasuna juzkatutzen det
zorionaren oiņarri.
11
Ordu astunak izango dira
dudarik gabe bizitzan
Arantzazuko Amare jarri
zan gugatikan arantzan
Kristo berare maitatzearren
gurutze batean iltzan
ordu estuak maitasunean
ez leizke jarri zalantzan.
12
Maitasunean zalantzaz edo
kezkaz ez leike gelditu
maitetasunek une samurrak
ere berekin baditu
ama izateko naiz ta gorputza
bear izan erdibitu
gero aurtxoen laztan goxoak
miņak arinduko ditu.