Xorien besta
Etcheberri, Agustin
1
Behin, orai duela ja hainitz denbora,
Urtzo jaun-andrei heldu zaiote gogora,
Gan baino lehenago hegoko partera,
Behar dutela eman besta bat ederra,
Adixkide guziak bildurik batera.
2
Gonbidatzen dituzte bilkura hortako
Belatxa, arranoa, Jaun Amia-moko,
Zigoina, bas-antzara, eta bertze asko:
Ez gero egun hartan hutsik egiteko
Non ez den zorigaitza eri izaiteko.
3
Andre urtzoak ez du deusik gupidesten,
Ase baten ari da ona preparatzen:
Bihi, aza, haragi, arrain-puska biltzen.
Hango usain goxoan hila piztuko zen?
Bainan murde Belea gonbidatu etzen.
4
Eguntto hartan hara airetan Belea,
Mokoan deraukala harri bat handia!
Oraintxet jan eta jan ari duj xoria...
Biltzarraren erdirat idukiz begia,
Uzten du erortzera mokotik harria.
5
Kask, harria lurrean zenean puskatu,
Batek «maingutu dela», bertzea okertu.
Bizia irriskatuz nork nahi bazkaldu?
Eta urtzoen kontra eginez arnegu,
Bestaliarrak ziren laster hegaldatu.
6
Okila eta fika urtzoen onetan
Bertze xorietara dire gatekotan,
Ez ditezentzat geldi hasarre funts hartan.
Bainan ez zirelakotz, berak gonbit bestan,
Zioten: «Ez gaiten sar bertzen aferetan!»
7
Adixkiden bilkura duenak bilhatzen,
Hobeago du hasiz denak gonbidatzen
Ez ibil bat har eta bertzearen uzten,
Zeren askotan etsai zare bilakatzen,
Gero harri kolpentzat irriskuan jartzen.