Mundura jaio nintzen gorputz baten jabe
Esnal, Pello
Mundura jaio nintzen
gorputz baten jabe,
geroztik hemen nago
honen mirabe.
Pasa erazi dizkit
hamaika nahigabe,
ordainez jaroa du
hamabi jarabe.
Hainbat miserere
gazi-gozo ere
entzun badu ere,
ez dabil hain trebe.
Pozik utziko nuke
bertsorik gabe.
Urte larri haietan
jaioagatik, ai,
beti izan nuen nahiko
esne eta ahi.
Hura zen bizitzea
bapo aste eta jai,
jolasa adiskide,
garbitasuna etsai,
usain txarra noiznahi,
jarioa nonnahi,
hankatartea blai,
pardela ere bai,
estuasunik gabe,
tra-ra-la-ra-lai.
Pardela utzi orduko
eskolaz eskola,
izan nuen non zaildu
nere oskola.
Aise ikasi nituen
«Gernikako Arbola»
cuatro por cien veinte
eta «Cara al sol»a,
baita ere nola
anima kontrola,
gorputza kaiola
gertatzen zaiola,
eta ez edukitzeko
preso inola.
Nere anima gaisoa
salbatu ustetan,
apaiz batekin hasi
nintzen hizketan.
Parterik ez hartzeko
gizonen festetan,
onik ez dagoela
munduko nahasketan
Zergatik kezkatan
ibili hainbestetan,
batzutan neskatan,
lan bila bestetan?
Gorputza fraile sarta
nuen gaztetan.
Nola bizitu nintzen
fraile komentuan
ez dago esaterik
bertso-kantuan.
Hamairu arte izan
ziren lar santuan,
gregorianoaren
konpas nekatuan,
gorputza espantuan
sotana-zakuan,
anima lantuan,
biak pekatuan,
larri samar seigarren
mandamentuan.
Komentutit irtenda,
haiek iskanbilak
soldaduskara joan
behar mutilak.
Han hala esan zidan
teniente zakilak,
alferrik dituztela
kaiku inutilak.
Adio, fusilak,
aireko misilak,
negar-malko isilak
eta txusko-opilak.
Alde onak baditu
gorputz zirpilak.
Soldaduskatik libre
eta bihotz bero,
ezin denbora luze
iraun soltero.
Ezkonberritan neska,
mutikoa gero,
eta oraindik sasoiko
norbait prest balego,
aukera onik edo
egokituz gero,
listo jo ta fuego
hasteko egunero.
Hain gorputz inutila
ez daukat gero.
Hamaika inbidia
emana hainbati,
ondo gobernatua
egon da beti.
Kirofanotik ere
gaztea izaki;
lau aldiz pasea da
ez beldur, ez zapi:
osasuna aitzaki,
zirti-zarta ebaki;
zenbat adabaki
dituen nork daki?
Odolkitan sartzeko
pronto dut aurki.
Hemen gazteena ere
zahartzen da agudo,
gorputz txar honek ez dit
asko iraungo.
Kirola utzi eta
ez footing, ez judo,
hauxe da baldartzea
segundoz segundo.
Ni ez naiz egundo
izango miss mundo
ezta ere inungo
Juan Carlos segundo.
Nire izenik ez da
urrun entzungo.
Izena eta gorputza,
a zer nolako bi,
bat makal daukat eta
bestea groggy.
Hemen bagoaz denak,
mehe eta lodi,
indultorik ez zaio
etortzen inori.
Oraindik erori
ez den zenbait txori
laster da hil zori,
badakigu hori.
Izango ahal da behar
hainbat hilobi!
|