Begiak triste eta odola irakinez
Esnal, Pedro Mª
Iazko maiatzak sei,
bai egun samina,
argia heldu baino lehen
gauak desegina!,
Urtea- pasa dela
sinistu ezina,
hain da berria Araindik
orduko sumina...
Bertsoz hustuko banu
bihotzeko mina!
Eguerdian entzun zen
hilkanpaien hotsa
gure negarra eta
etsaiaren poza.
Hura heriotzaren
ezpata zorrotza,
ustegabea bezain
gaizto eta arrotza!
Oraindik odoletan
daukat nik bihotza.
«Beren enbidoari
ezin jo hordago.
Ez ote gara gero
eta morroiago?»
Negar ontzitik edan
nuen mila trago,
tristura ezin zitzaidan
sartu barruago,
Oraindik nire onera
etortzeko nago.
Jai giroan genuen
larunbata agurtu,
artean ez zitzaigun
jolasgura agortu.
Baina igande goizean,
bere etxetik gertu
Jose Ramon gaztea
hila zen agertu.
Odoletan zituzten
santakruzak lehertu.
Astelehena izan zen
hileta eguna,
andoaindarroi nekez
ahaztuko zaiguna.
Nahigabean agurtu
genuen laguna,
beti gure gogoan
izango duguna:
adio, Jose Ramon,
gazte euskalduna!
Zu gabe geratzean,
bai une gazia!,
esperantzaren bila
ninduzun hasia.
Heriotza ba ote
zerbaiten hazia?
Galdera joan zitzaidan
malkota nahasia.
Inork ez du itoko
zure garraisia.
Berriro odoletan
da euskal baratza,
herio dardaretan
Andoaingo plaza.
Gorrotoz hil zaituzte,
Jose Ramon Ansa.
Negarrez hasia naiz
eta ezin lasa.
Hilezkilari nola
kendu bere lantza?
Basapiztiek, utziz
ohizko habiak,
gau beltzera zuzendu
zituzten begiak.
Zenbat negar zekarren
hilketa larriak!
Erailearen berri
ba daki ilargiak,
baita ere loak hartu
ez duen herriak.
Han zenuen herria
kalez kale minez,
zure erailearen
salakuntza eginez,
begiak triste eta
odola irakinez,
hark merezi bezala
erantzun ezinez...
Bihotzak sufrimenduz
egin zigun gainez.
Gauak hartuko ahal du
egunaren antza
eta kanpaiek joko
askatasun dantza!
Andoaindarrok behintzat
ba dugu esperantza
noizbait jaiez jantziko
zaigula enparantza...
Han izango zara zu,
Jose Ramon Ansa.
|