Don Nemexio
Erkiaga, Eusebio
Egia maite zenduan;
guzurra, gorroto.
Bienbitartean barriz guk
oroimenaren tolesak oztopo.
Oztopo guk izur horreek
Modan zetarako da jarri
«ez zaitugu iñoiz ahaztuko»?
Gizonaren aho ziztriña;
ziztriñagoa mihiña
Ahaztuko ez dogun hori, sarri
gure kaixkarretik aldegiña
Guzurraren senide
izan gura ez arren,
itxurakeriak bustiten gaitu
zipriztin ilunez goienbarren.
Bai, Don Nemexio
Oraingoan txori barriak ditugu
euskerearen eremuan
arean... euskerazale diranak;
arean... baztertu gura dabeenak
Harrigarria, ezta?
«Ezer ez eta festa».
Erdalosiñeko hainbat ugarasio;
zeinbat aitzaki eta zio!
Gaitzerdi
batzuei noizean behin
«asto gorotza» emoten dautsela;
horrelakorik zelan jasan, bestela!
Bai, don Nemexio.
Hainbat urtez
mahasti lanetan zu,
eta hona, sasilarrak
mahatsondoen inguru.
«Tomaxa, Peru... eta Ana»
«hauxen da lana»
Ez dakigu zertarako
honenbeste Hiztegi potolo.
Ipar-Hegoeko idioma biek
deuskuez berbak eskintzen,
ta izkiriatzaile barriak
horreezaz baliatzen.
Prestamuek?
Bai, ba!!
Pantxotarako eta
atunetarako amuak
Lazio-euskara gaur errez
ikasi daike castellanuak
Bai, don Nemexio.
Hamazortzi urtean
Larrako hormartean
Olerti sarien puntuak guk
kaltzetorratzean.
Baiña, aldiaren zapi zimurrak
gomuta-ohol baltzeko
letra makalak ezabatzen
Ta barriro ez idazteko.
Adiskidetasuna
zein merke saltzen dogun!
Biziak, agertu;
joanak, urrun be urrun.
Bai, don Nemexio.
Urteen bunarripean gu be
okertzen, makaillautzen
Irudimena orriuldurik,
ta hotzak gure odola hartzen
Nemexio
saria baiño zigona
areago zenduan jaso.
Gizagriñen olatuek
hasarreturiko itsaso...
Horixe urte luzeetan
ezautu zenduan mundua
Orain ostera,
Jaunak emon bide deutsu
betirako ostatua
Halantxe zeunkan nitzat
etxeko atea zabaldua