inprimatu
Bizi dadin eskuara
Izenburua:
Bizi dadin eskuara
Sinadura:
Elizalde, Jean (Azkaindarra, Zerbitzari)
Urkizaren iruzkina:
Egilea(k):
Elissalde, Jean

Argitalpena:
Herria.
Urtea:
1960
Argitalpenaren urtea:
Alea:
502.zk.
Orrialdea:
4

Bizi dadin eskuara

 

Elizalde, Jean (Azkaindarra, Zerbitzari)

 

 1

 

 Haurretik ibilirik mundu zabalean,

 Itsasoan mariñel, trabulant lurrean,

 Mintzaira mota asko badut ikasirik

 Eskuarak nihun ere bat ez du parerik.

 

 2

 

 Nun da eskuara bezain mintzaira berorik?

 Munduan batek ez du kar handiagorik!

 Maitea maiteari mintzo bada gabaz,

 Leihorat itzulia mintzo da eskuaraz!

 

 3

 

 Haurra bere amari nola mintzo zaio?

 «Ama, ama» eskuaraz sehaskatik dio;

 Amari laket zaio horren entzutea,

 Gure eskuara hain da mintzaira maitea!

 

 4

 

 Mintzairetan eskuara omen da lehena;

 Dana den, eskuara da segur ederrena...

 Othoi atchik dezagun eder bezain garbi,

 Eskuaraz mintzatuz noiz... bai eta nun nahi!

 

 5

 

 Herritik urruntzean, eskualdun gaztea,

 Ez duzu ahantziko eskuara maitea!

 Ondikotz, zonbat ez da ahantzen duenik!

 Merezi othe dute eskualdun izenik!

 

 6

 

 Eskuara hain da eder, hain da maitagarri,

 Nun behar baitiogu laguntza ekharri!

 Bizi dadin maitea orai eta gero,

 Berma gaiten hortarat eskualdunak oro!


inprimatu