Nere bordatxotik
Basarri
Berekoetxea ta "Arria" aizkolariak
Bi gazte zoragarri
gerturik dauzkagu,
gaur zortzi egundoko
burruka daukagu.
Jaunak nai badu, antxe
izango gera gu,
zer gertatzen dan laister
ikusiko degu.
***
Egurren aukeraketa "Arria"'k
Eskubidea dauka,
ta lo ezin egon,
badaki egurretan
zer aldea dagon.
Eztakit zer klaseri
eldu naiko dion,
berak ikusiko du
zer komeni zaion.
***
Aia'ko Maiz gaztea
Joxe Migel, agurtu
nai zinduzket garaiz,
zuk igandez egiņa
ezin aztu iņoiz.
Gipuzkoar bezela
pozez gaņezka naiz,
txiki aundia zera:
Bejondaizula Maiz!
Jan dezu Aia'ko ta
Zarautz'ko larretik,
baita osatu ere
bapo indarretik.
Bizkorra irten zera
zu gure lurretik,
Mamo Wolde besterik
etzendun aurretik.
Joxe Migel maitea,
etzera motela,
uste det gaur geienak
sinisten dutela.
Zuk erakutsi dezu
bear dan bezela,
emen ere gizonak
sortu ditezkela.
Etxekoa txarra ta
kanpokoa ona,
au da gure lurrean
gaur gertatzen dana.
Or gelditu da bixtan
egin dezun lana,
ikasbide bikaņa
ba-dezu emana.
Ez al dute segiko
begiak itxita,
igandean gertatu
zana ikusita.
Zu arraira bigarren
zaude iritxita,
on usteko guziak
atzetik utzita.
***
Aia'n korrikalariak
Asmatuko ote det
zu goraltzeko lain?
merezi dezun ainbat
itz goxo ta apain?
Sortu dezu amaika
seme lerden, lirain,
laisterkarien kabi
zera len da orain.
|