Jesus'en jaiotza
Basarri
-1-
Orain bi milla urte inguru
mirari paregabea,
gizon aragiz sortu zitzaigun
Zeru ta Lurren jabea.
Gure mallara jetxita ortxe
Jaungoikoaren semea,
argatik degu guk biotzean
atsegin bete betea;
baña erreguz ementxe nator
ementxe, Jesus maitea,
azaldu bear dizugu danok
daukagun borondatea
au da Zarautz'ko Kabitarrak gaur
egiten duten eskea,
asmo oneko gizon guziei
eman zaiezu pakea.
-2-
Arrokeri ta dirua dabill
alde guzitan balantzan,
beko -jendea, jende txikia,
etengabeko morrontzan.
Zu jaio baño lenago ere
gure mundu au ola zan
eta itxuraz ezta oraindik
zuzentzeko esperantzan,
pake kontua gai artuta nik
eztet asmatzen zer esan,
zure sortzea ez al zan, Jesus,
alperrikakoa izan?
arabe jende ta judutarrak
otso amorratu gisan,
zeu jaio ziñan lur santua artan
ara nolatan dabiltzan!
-3-
Begira bazter guzitara ta,
nunai sua dariola,
txarrena au da, oni azkenik
barrundatzen etzaiola.
Esaten dago karidade ta
maitasunik eztagola,
onetik iñork eztu ezer nai
danok txarreko eskola;
sarritan galdetzen det nik, Jesus,
baña au guzia nola!
geurea egin da bestegatik
ezer eztigu ajola,
Etenik gabe gerra bizian,
ezin konpondu iñola,
uste orretan etzendun eman
zuk gurutzean odola.
-4-
Berdingabeko Gabon gau ontan
«Basarri'k» kantuz goraintzi,
artzai jende ta aingeruekin
egin dezagun irrintzi.
Ainbat gizaldiz zai egon eta
Salbatzallea iritxi,
illun guziak uxatu dira
argitasuna nagusi;
zure jaiotzak bide eder bat
guziori erakutsi,
mugak jarriak dauzkagu danok
beti ez gindezke bizi;
zure aurrean izango gera
Jesus, biar edo etzi,
arren da arren, ez gaitzazula
zure eskutatik utzi.