Gure arrantzaleak
Basarri
Itxasgizonen artera ere
sarturik dago ekaitza,
bizimodua ateratzea
oraintxe bai dala gaitza;
iñora mugitzeko bildurrez
daramakiten bizitza,
arrantzaleak bolara ontan
biziro gaizki dabiltza.
«Hau nerea da» esanez asi
zaigu gaur mundu osoa,
urean ere langak jarriak,
nunaitikan erasoa;
bi metroz deskuidatzen ba'zera
gaiñean dezu lazoa,
ez ote zuan danentzat egin
Jaungoikoak itxasoa?
Gure artean asko ditugu
istilluak ikusiak,
lenago libre ibiltzen ziran
eta gaur trabaz josiak.
Eta lazoan erortzen danak
beretzat zigor guziak,
laister kenduko dizkigute or
urteko irabaziak.
Lana egin nai Arantzaleak
eta ez dauka, aukerik,
begiz jotako tokietara
ez daukalako joaterik;
etxeko urak antzuak eta
kanpoak mugaz beterik,
era onetan ez dago emen
arraia merke jaterik.
Legorrez ainbat eragozpen gaur
aurkitu diteke urez,
len uso gisan ibiltzen zana
ezin mugitu loturez.
Arrantzaleak bururik ezin
jaso du orain tristurez,
gaitz oiek danak gutxi dirala,
antxorik arrapatu ez.
Gu gera emen zuenganako
zor aundiak ditugunak,
zuek ekartzen dezutenetik
goxoki jaten degunak.
Biotz biotzez opa dizuet,
o, arrantzale lagunak,
antxo-ezaren oker guztia
osa dezala atunak.