Egun urratzez, lengo zugaitza
Eizmendi Manterola, Iñaki (Basarri)
1
Egun urratzez, lengo zugaitza
mutu ikusten diat nik,
Etzegok lengo «txioka» otsik,
ez lengo alaitasunik.
Iñoiz aspertzen ez intzan txori
urretxindorra izanik.
Nork uste behar zian aiñ azkar
ezkutatuko intzanik?
2
Ilun da trixte gelditu gaituk
ire lagun on giñanak,
Mutu, ta bakar dagon zugaitzaz
ainbat oroitzen geranak.
Bukatu dituk ire samiñak,
ire neke ta lan danak,
Kantatu dituk mundu onetan
kantatu behar ziranak.
3
Gure begiak ez aute berriz
lur gaiñ ontan ikusiko,
Lengo erara alkar tentatzen
ez gaituk emen asiko.
Gure jainkoak ez indukan i
bazter batera utziko:
Guretzat toki on bat gertu zak
biar ezpada etziko.
4
Gure artetik goruntz baziak
amaikatxo otoitz ixill,
Gorputzez ezkutatua gatik
espirituz urre abill.
Beti gogoan izango augu;
i guretzako ez aiz hill,
Egun Aundia datorren arte,
Agur, lagun zar «Errezill»!