Don Manuel Lekuona
Basarri
-1-
Kanta bat loratuko zait eta
anai-arrebok or entzun,
eginkizun bat artua nago,
eztakit nola erantzun.
O, erri maite, bai al dakizu
barren ontan zein daukazun?
argi, jakintsu, umill, apala,
orra or zenbat ondasun,
seme au sortu zenduelako
poztu zindezke, Oiartzun!
-2-
Illun da goibel zeuden zokoak
don Manuel'ek argitu,
zikin tatxarik ikusten bazun
aguro asko garbitu.
Euskeran alde arrigarrizko
mirariak egin ditu;
etenik gabe beti lanean,
ar bat aña ez gelditu,
Ai, Euskalerri maitagarriak
Lekuona asko balitu!
-3-
Iñoiz taldean lana egiñaz,
ta geienetan bakarrik,
gure izkuntza zarrari eman
dio indartu ederrik.
Nolatan eztet egingo emen
oiu eta deadarrik?
sentitzen duen guzia garbi
esan nai luke «Basarri'k»,
Gipuzkoa'ko zeruan ezta
zu bezelako izarrik.
-4-
Irriparrezka ikusten zaitut
ainbeste neke artuta,
gure izkuntza ikusi nairik
ate aunditik sartuta.
Geure esker ona agertzera gu
danok geuden beartuta;
zure osasun alde nago ni
gaur gogoz erregututa,
gure artean orandik oso
premizkoa zaitugu-ta.