Ziberotik Arabara
Davant, Jean Louis
1
Pena orok egun batez gainditzen baitu gailurra,
Ortzadarrak loratuko digu behin euskal lurra.
Su garrean gesaldurik negu beltzeko elurra,
Arabari, hegiz hegi, Ziberoaren agurra!
2
Agur, agur, bihotzetik, Gasteiz eta Estibalitz!
Hamaiketan hartz maltzurrak eraso zaitue bortitz,
Eliz atean utzirik elur petik zenbat korpitz
Et'euskara ehortzirik, mingainetan erdaldun hitz...
3
Batean arrano beltza, bestean urtzo apala,
Euskaldun Herria beti zeruz zeru badabila
Itsas uhaina golkoan, bere iparraren bila:
Sartaldetik zu zaitugu, Araba, beste hegala.
4
Korpitzetik berezi nahiz, biak gaituzte berezi,
Erdaraz galkatu eta makilaz ardura hezi.
Horregattk, haurrideak, ez dezagun orain etsi,
Etsaiak ezin baitigu portua berriz hetsi.
5
Arabako Euskaltzaina, ekaldetik zorionak.
Izan gaiten, lagunekin, hizkuntzaren artzain onak.
Ararteko ditugula Nafarroako Baskonak,
Pitz ditzagun Ziberoa et'Araba euskaldunak!