Profeta bati
Davant, Jean Louis
1
Hazparneko herrian zu baitzinen norbait,
Egin nahi ginauzun omenaldi zerbait.
Zure obra onetaz orroiturik noizbait,
Guztiak zuri gaude, mezu baten goait.
2
Ohore arren zuri, jaunen jauna Broussain:
Arbasoak baitzaudan hemengo Burgu-zain,
Zu ere izan zara herritarren artzain
Eta jakintsunekin hastetik Euskaltzain.
3
Artatzaile zuhurra eta bihozbera,
Zaldiz egun edo gau karrikan behera,
Baina ezin zuk ere guztiak atera,
Sendagile bakarra baita Jauna bera.
4
Garai hartan ez baitzen alokaziņorik
Ez eta erientzat asegurantzarik,
Ardura medikua, berantxe deiturik,
Jin bezala bazoan, elez ordaindurik.
5
Hamalaueko hura, zer itsuskeria!
Han ifernua bazen, hemen miseria.
Pobren aldeko gerlan, Broussain gudaria:
Denei zabalik zauzkan etxe ta herria.
6
Laborantzaren aide oraiko xedetan
Ordutik sarturik zen, kabale primetan,
Etorkizun emagin herriko lurretan
Eta zuhaitz ereile behar zen lekutan.
7
Hizkuntzari halaber idekiz atea,
Euskaltzain agertu zen gure alkatea.
Ez zen bazkal ondoko euskarazalea
Baina urrats orotan aberrizalea.
8
Zazpi Euskal-Herriak herri eta lurrez
Bat egin nahiz ez zen egoiten beldurrez.
Hemen ari zelarik nafar-lapurtarrez,
Bilbokoer idazten zuen bizkaitarrez.
9
Horren xedetarik zen Euskara Batua,
Euskadi ere behar zuen askatua:
Menderdi bat gu baino lehen ohartua
Zenaren orroimena nola zen galdua?
10
Adin hoberenean deiturik Jainkoak,
Utzi zituen haurzurtz herri huntakoak.
Oi buruzagi hitsak horren ondokoak!
Dugun aitor gorago direla gaurkoak...
11
Bi gerla haundiek hil zorian utzia,
Itsentsu arrotzetan lo zagon herria.
Amets galgarri hortan entzunik ortzia,
Gaur kexu dugu baina erdi atzarria!
12
Gazte pizkor batzuei eskerrak, Broussainen
Bidea kausiturik berriz Ahazparnen,
Ez gara hura bezain baztertuak hemen.
Profeta horrek, otoi, emaguzu kemen.