Nafarroaren berbiztea?
Davant, Jean Louis
1
Agur, Zankoza! Eki aldean, zu zaude gure zaindari,
Bizi berri bat eman beharrez Nabartarren mintzairari.
Guk ondoan daukagu Ziberoa eta zuk Erronkari:
Mendiz bezala euskaldiz oso hurbil baitira elgarri,
Beriz ager ditela zure ta gure arteko lokarri!
2
Entzun, Nabarra, itsas aizea eta arbasoen deia,
Bazter utzirik plazer arinak eta arrotzen lehia!
Mixterio handitan mintzatu zait Iratiko Aztia:
«Mila urtekal erreberritzen da mundu guztia.
Laster ikusiko da Nabartarren buru Santxo Handia...»
3
Ikus anaiak: mundu berria, zaharraren jauntzietan.
Muga gabeko Euskadi dugun eraiki guziek betan!
Nabartarreri esker bat baitzen leheneko denboretan,
Horrela izan dadila berriz, ta Nabarra libro bertan,
Goiko Jauna kanta dezagun, Euskaraz, menderen mendetan.