Nolaz aise hil...
Borda, Itxaro
Munduko jakintsunek zutena sumatu
behar haundi bat zela abian somatu
Ta bonba atomika gordean asmatu,
Gauza biribil honek gintuen xarmatu...
Oraindik hobe dugu egoitea ixil
Badakitelakoan nolaz gu aise hil
Asmatzaile argiak zeinbat diren abil
"Nobel" bake saria ahal balute bil!
Hiri emandatutan gaituzte ezarri
Okertuz begiak ta lehertuz beharri
Nukleartegi pollit dagola beilari
Aiten semen dute ebatsi lurrari...
Etsaitzat harturikan gizonen egintzak
Eta bertan fundituz lurraren emaitzak
Bonbak beiratzen ditu bakezko agintzak
Jostarien eskutan daude gure giltzak!
Uranio tratatuz plutonio sortzen
Osagarriarentzat kaltea ekartzen,
Plutonio apurrak gizartea hiltzen...
Horrelako egiak nolaz guk onhartzen?
Uranio hondarrek pozindatuz lurra
Haritz aldaxka dago altxatzen makurra...
Arriskurik ez dala hori da gezurra
Pentsatzen dudalarik heldu zait beldurra...
Arrotzek nahi dute "kosta nuklearra"
Herri kolonizatu hau dute beharra
Lemoiz alde hortan DAVID-ek indarra
Galdu izan du eta ez daike bakarra...
Gizon jauntzi xuriak nere inguruan
Muna bateren orde maxina buruan
Nahi dut libre egon herriko zeruan
Etorkizun osoa nihauren eskuan...
Gobernuko gizonak ari xist eta xist
Jendea informatuz ez bait dina "faxist"!
Bateratuz komunist edo kapitalist
Diot denek direla legezki terrorist...
Nik esaten dut EZ-a gaur atomikari
Gure herri borrokan lotuak elgarri
Indar horren kontra has gaitezen gudari
Ekosistema nahas ez dezaten sarri...