Aurrak eta aingeruak
Yurre, Julian
Aurrak.
¨Nora zoazte ain arin,
aingerutxoak, zerutik
txoriak lez ega-egaka,
iñon gelditu gaberik,
egal politez jantzirik,
oyuka pozek beterik?
Ortzia eta mendiak
dardaraz daude guztiak,
txit arriturik nora zoazten
eztakitela gaxoak,
zuen gañean begiak
aspertu gabe josiak.
Aingeru oyek; gelditu;
bideari ez jarraitu;
zelai onetan nadukazute
negarrez, urduri, estu.
Nora zoazten mintzatu;
nitaz otoi! errukitu.
Aingeruak.
Zerutik igesi goaz
Belengo uri alderontz;
bart gauerdian an sortu zaigu
Aur txiki zoragarri bat,
gizon-aragiz jantzi-ta
zeruetako Jainkoa.
Otzez dardaraz gaxoa!
seaska batean datza,
bere ondoan Ama duala
erruki miñez urtua,
oben gabeko Birjiña
Maria deritzaiona.
Ara guaz, ba, egaka
jaio berria ikustera,
berantetsirik bai omen dago
aspaldi gure begira...
Agur, bada agur, maitea;
ez galarazi aldia.
Aurrak.
Ene zorigaiztokoa,
emen gelditu bearra!
Nik ere nai dut zuekin joan,
aingeru oyek, Belena;
ego gañean artu-ta
arren! eraman ni ara.
Aingeruak.
Eztezakegu, aurtxoa;
emango dizugu onua:
apal ta garbi baldin bazera,
gurekin elduko zera
egunen batez zerura
Jesus Aurtxoa ikustera.
Aurrak.
Zuen esana egin bedi;
emen geldituko naiz ni,
emanik beti onbideari
txit loturik ongiari,
izanik apal ta garbi
apal, garbi beti, beti.
|